YouVersion Logo
Search Icon

EGINAK SARRERA

SARRERA
Nork eta norentzat idatzia
Hirugarren ebanjelioaren egile bera du Apostoluen Eginak liburuak. Hala erakusten du bi hitzaurreen konparaketak, baita hizkuntzaren eta pentsaeraren konparaketak ere. Baina nor dugu egile hori? Antzinako tradizioak Lukas dela dio, eta hau Paulok aipatzen duen «sendagile maitea» bera dela (Kol 4,14; 2 Tm 4,11; Flm 24). Baina azken puntu hau ez dago batere argi. Egia da, Pauloren ibilaldien berri kontatzean, egileak inoiz «gu» esanez idazten duela (ik. 16,10-17; 20,5-15; 21,1-18; 27,1—28,16); baina gure liburuan eta Pauloren gutunetan ageri den pentsaerak ez datoz bat zenbait puntu garrantzitsutan, hala nola apostolutzaren ideian edo legearen garrantzia ulertzeko moduan.
Badaiteke Apostoluen Eginak liburua, kristauentzat ez ezik, kristautasunaren berri jakin nahi zuen zenbait jentil eskolaturentzat ere idatzia izatea. Baina, zalantzarik gabe, kristauentzat egina da batik bat: hasierako sugarra galdua duen kristau-elkarte batentzat, epelkeria eta zabarkeria nabaritzen hasi zaizkien fededunentzat, sinesmena Erromatar inperioaren muga zabaletan eta kulturan bizi behar duten kristauentzat. Horrelakoak fedean egoki hezi eta suspertzea du liburuak helburu.
Liburuaren hari nagusiak
Lukasen obraren bigarren partea dugu Eginak liburua (1,1-2); beraz, ebanjelioa baino geroxeago, K.o. 80-90 aldera, idatzia. Igokundeko gertakizuna dugu bi parteon arteko ardatza. Ebanjelioa igokundearen kontaketaz amaitzen da (Lk 24,51), beronek Jesusen misioa burutzen duelarik; Eginak liburua ere igokundearen kontakizun berri batez hasten da, beronek ematen dielarik hasiera Elizaren garaiari (1,7) eta misio-zabalkundeari (1,8), Jauna etorri artean (1,11). Apostoluen begiak, mugiezinik zerura begira ordez, aurrera begira, geroko historiari begira, jartzen dira. Baina, lehenik, Espirituaren agintzaria egiten die Jaunak mahaian elkarturik dauden Apostoluei, Espiritua izango baita misioaren indar eta eragile, munduko bideetan barrena (1,8).
Kristautasunaren hasiera ezagutu nahi duenarentzat Apostoluen Eginak liburua baino hoberik ez bada ere, liburu honek ez du izan nahi lehen kristau-aroaren historia hutsa, 30 urte inguruko kronika soila. Hori baino gehiago, mugarik gabeko misio-garaiaren ataria eta eredua eskaini nahi du. Bestalde, «Apostoluen Eginak» izenburua ez da egokia; lehenik, Apostolu guztien nondik norakoaren berri ematen ez digulako, ezta gutxiagorik ere (Hamabietatik Pedro bakarrik ageri da, eginkizun garrantzitsu batez jantzia); baina areago, liburuan benetako protagonista Espiritu Santua delako.
1,8ko egitarauak, Eginak liburuaren garapena ez ezik, Elizaren mundu honetako ibilbide guztia ere bildu nahi du. Paulo Erromara, garaiko munduaren bihotzera, iristea da nolabait egitarau hori bete denaren seinale eta irudi («lurraren bazterretaraino»). Bere liburuko azken esaldietan, Jainkoaren erregetza eta Jesusen mezua «batere eragozpenik gabe» hots eginez azaltzen digu egileak Paulo (28,31). Hau da, misioa gerorantz luzatuz amaitu nahi izan du bere liburua, 62-63 urteen ondorengo berririk batere jaso gabe.
Eginak liburuak maisuki lotzen ditu, eta bata bestearen parean ematen, literatur moldea eta teologi mamia. Misioaren aurrera-mailak deskribatzen ditu. «Espiritua» eta «lekukoak» dira misioaren bi eragileak. Misio hori agerian hasi aurretik, geldiunetxo batean bezala, ondoren datorren guztiaren oinarri diren bi gertakizunen berri ematen digu: Hamabi Apostoluen, lekukoen, taldea berriro osatzea —Judasen ordez taldean Matias sartuz— (1,15-16), eta Espirituaren etorrera (2,2-4).
Misioa Pedroren Mendekosteko hitzaldiaz hasten da, honek lehenengo konbertsioak eragiten dituelarik. Bigarren atal hau, erabat Jerusalemen lekutua, mugimendu berezi baten arabera dago eratua: lekukoen jarduera eta judu-agintarien aldetiko erasoa. Elkarte-barruko bizimoduaren berri ere ematen digu idazleak atal honetan: Apostoluen inguruan bildua eta Espirituak bizkortua erakusten digu elkartea, senidearteko elkartasuna azpimarratuz, elkartasun hori ondasun-erkidegoan nabari delarik bereziki.
Hortik aurrera, ebanjelioaren zabalkundea eta Elizaren hazkundea deskribatzen saiatuko da gehienbat idazlea. Zabalkunde hori, halere, ez da eragozpenik gabe gertatuko. Hirugarren atalean, Palestinan eta Palestinatik kanpora Elizaren zabalkundea azaltzen duenean, bi aldaketa garrantzitsu topatzen ditugu: hemendik aurrera Paulo da, Pedroren ordez, protagonista; aldi berean, Antiokia da, eta ez Jerusalem, misioaren abiapuntu. Bitarte horretan onartzen dira lehenengoz jentilak Elizan (10,1—11,18). Gertakizun hauek guztiok Jerusalemdik, judaismoaren erdigune eta bihotzetik, urruntzea dakarte berekin, urruntze geografikoa ez ezik, baita teologikoa ere.
Jentilak Elizan onartzeak, elkarte berriak judaismoarekin zer lotura behar duen planteatu zien: jentil konbertituek judu bihurtu behar ote dute kristau izango badira? Erdainkuntza eta legeko betebeharrak ezarri behar ote zaizkie? Liburuaren erdiko kapituluan, 15.ean alegia, garbitzen da arazo hau, Moisesen legearekiko ebanjelioaren askatasuna aitortuz (4. atala).
Baina kristautasuna legearen eskakizunetatik askatuagatik, ez da ukatzen sinesmen berriak Jainkoak Israel herriari egindako agintzarietan dituela bere erroak. Izan ere, Jesusen piztuera dela bide eta Espirituaren dohainaz, erabat bete du Jainkoak Israelen itxaropena. Bete, ordea, orain arte agintzaria hesiturik zeukaten nazio-muga estuak apurtuz bete du; judu eta jentil, denak dira deituak Jesu Kristori esker salbamena lortzera eta Jainkoaren herri berria osatzera. Juduek kristau-predikuari entzungor egingo diotelarik, jentilengana igaroko da ebanjelioa (28,25-28); hori dio Paulok Erromako juduei egiten dien azken hitzaldian, liburu guztiaren muina eta konklusioa adieraziz.
Liburuaren azken atala osorik Pauloren auziari emana dago, Paulo Jerusalemdik Erromara daramanari. Auzi horretan argi asko uzten da juduek salatzen dutenetik errugabe dela Paulo, eta sinesmen berria, kristautasuna, legezkoa dela, ez baitu erromatar legedia hausten.
Apostoluen Eginak liburuak deskribatzen digun Eliza, inolaz definitzekotan, honela definituko genuke: Espiritu Santuak gidaturik eta elkarrekiko senidetasunean, Jesusen testigantza egin nahi duten ikasleen elkartea. Beraz, honako hauek lituzke hiru osagai funtsezkoenak: Espirituaren eragina eta indar berritzailea, misioa edo testigantza, misioaren sorgune eta ezaugarri den elkarte-bizitza.
Eskema
—Sarrera (1,1-11).
—Jerusalemgo eliz elkartea (1,12—8,3).
—Elizaren lehen hedakuntza (8,4—14,28).
—Jerusalemgo biltzarra (15,1-35).
—Eliza greziar munduan hedatu (15,36—21,16).
—Jerusalemdik Erromara (21,17—28,31).

Currently Selected:

EGINAK SARRERA: EABD

Highlight

Share

Copy

None

Want to have your highlights saved across all your devices? Sign up or sign in