MARKOS SARRERA
SARRERA
Nork eta norentzat idatzia
Egilea nor den ziur jakiterik ez dago. Baina daitekeena da, antzinako tradizioak dioenez, Pedro eta Paulorekin estu lotua dagoen Markos delakoa izatea: Pedrok ezaguna zuen (Eg 12,12) eta geroztik Pauloren eta Bernaberen misio-lagun izan zen (Eg 12,25; 13,5); azkenik, Erroman ageri zaigu Pedroren ondoan (1 P 5,13). Erroman bertan idatzi zuen segur aski ebanjelioa; horretara garamatzate, tradizioaz gainera, idazlearen zenbait latinismok edo Erromako usadio berezien zenbait aipamenek, hala nola emazteak senarrarengandik dibortziatzeko duen eskubidearenak (10,11-12).
K.o. 70. urte aldera idatzi zuen, ordu arte ahoz nahiz idatziz zatika eta banaka jasoak zeuden Jesusen irakaspen eta egintzak liburu batean bilduz. Bera izan da horretan lehenengoa, kristauen literatur mota berria sortuz, biografia baino gehiago katekesia helburu duelarik. Hiztegi murritza eta estilo sinple eta traketsa baditu ere, kontalari trebea dugu Markos: kontakizunak bizi-bizi, ñabarduraz eta zehaztasunez beteak eta oso egoki eraturik ematen dizkigu.
Erromako kristau-elkarteren batentzat idazten du segur aski. Bertan gehienak ez dira judu; hortik juduen zenbait esaera eta usadio esplikatu beharra (ik. 5,41; 7,3). Egoera gogorra bizi dute, bai juduek eta bai jentilek gorroto dietelarik: mespretxua eta tratu txarrak ugari, baita pertsekuzioa ere (Neronen garaian, K.o. 64an). Inoiz baino beharrezkoagoa dute Jesus Mesias gurutziltzatuari begiratzea, zer eta nor den ongi jabetzea, haren jarraitzaile izaten ikasteko eta haren ondoren gurutzea eraman ahal izateko.
Ebanjelioaren hari nagusiak
Geografi datuak oinarri dituen eskema nagusia nabari zaio ebanjelioari: Jesusen Galileako jarduna (jentil-lurraldeetara bi irtenaldirekin: 7,24.31; 8,27), Jerusalemerako bidea (10,1.32.46; 11,1), Jerusalemen bere egitekoaren eta bizitzaren amaiera. Baina geografi marko hau ez da aski liburuaren barne-hariaren kontu emateko.
Mk 1,1ek adierazten dizkigu, izenburu gisa, ebanjelio osoaren taxua eta xedea: «Hona hemen nola hasi zen Jesus Mesias, Jainkoaren Semea, dela dioen berri ona (ebanjelioa)». Ebanjelio hitzak ez du hemen liburua adierazten —«Lau ebanjelioak» esaten denean bezala—, berri ona baizik; berri on honen muina eta mamia, berriz, Jesus bera da. «Nor dugu hau?» (4,41); galdera horrixe erantzutea da Markosen helburu bakarra, Jesusen misterioa pixkana azaltzea, alegia: Jesus Jainkoaren Semea da eta Mesias, baina ez juduek espero zuten bezalakoa, oinazeduna baizik. Erantzun hori jasotzen duten pasarteak dira ebanjelioaren zedarri nagusi: 1,11; 8,29; 9,7; 14,62; 15,39. Markosen ebanjelioaren berezitasunik nabarmenena hauxe da, hain zuzen: Jesus bera duela erdigune. Markosenean, Jesus ez da «mendiko hitzaldia» (Mt 5—7) bezalako solasaldi luzez mintzo; ostera, bere egintzen bidez eta noizean behingo erantzunen bidez agertzen du bere burua.
1,14tik aurrera, Jesus erregetza hots egiteari eta agertzeari emana dago erabat (1,14-15.38-39). Baina Jainkoaren erregetzaren mezuak, Jesusen irakaspenek eta mirariek, harridura eta Jesusen nortasunari buruzko galdera sorrarazten dituzte: «Nor dugu hau?» (1,21-28; 2,12; 4,41). Jesusi buruzko iritziak bananduak dabiltza (6,14-16; 8,27-28). Jendea Jesusengana bilduz doan heinean, etsaigoa ere handituz doa (3,6; 6,1-6; 8,11). Jesusek talde bat elkartzen du bere ondoan, Hamabiak, bizimoduz eta misioz berekin bat egiten dituelarik (3,13-19; 6,7-13). Haiei dagokie bereziki Jesusen misterioaz jabetzea, Markosek behin eta berriz haien adiezina azpimarratzen badu ere (4,10-11; 7,17-18; 8,14-21; 9,32). Izan ere, Jesusen nortasunak ezkutuan gelditu behar du oraingoz (1,25; 3,12; 8,30; 9,9) («sekretu mesianikoa»). Ikasleek beraiek ere ez dute ezagutuko, Jesus berpizturik berriro beraienganatuko den arte (14,28; 16,7), horrela, haiengan gurutzeak galarazitako sinesmena berrituz (14,27). Beraz, Jesusen misterioaren azalpen den bezala, Jesusen segizioaren azalpen ere bada Markosen ebanjelioa, biak bereizi ezin direlarik.
Pedrok Feliperen Zesarean egiten duen aitorpenaren ondoren (8,27-30), hirugarren atalean, Jesusen «gurutze-bidea» hasten da nolabait ere. Nekaldiaren eta piztueraren hiru iragarpenek azaltzen digute, errepika gisa, atalaren barne-haria (8,31; 9,30-31; 10,33-34). Jesus Jerusalemera bidean doa, Jainkoaren zerbitzari gisa, guztien alde bizia ematera (10,45). Bere ikasleek ere bide beretik beharko diote jarraitu (8,34-35; 10,42-45). Ikasleak gero eta nahasiago eta harrituago daude: nola elkartu batean porrota eta garaipena, heriotza eta munduaren salbamena? «Gizonaren Seme» titulua damaio Jesusek bere buruari, bere egitekoaren alderdi biak —beherapena eta garaipena— batean biltzen eta adierazten dituen titulu misteriotsua.
Laugarren atalean, Jesus Mesias bezala sartzen da Jerusalemen. Jerusalemen, Jainkoaren agintzariak eman zaizkion hirian, herri hautatuaren bihotzean, gertatzen da Jesusen eta judu-agintarien arteko erabateko jazargoa (11,12-14; 12,6-9; 13,1-37).
Bosgarren atalak dakarkigu dramaren amaiera. Judu-agintariak Jesusi bizia kendu nahian dabiltza (14,1-2). Baina bere gogoz eta kabuz onartzen du Jesusek heriotza, Aitaren nahiari baiezko betea emanez (14,36). Bere bizia aurrez eskainia du (14,22-24). Erabat gizakien esku utzia dagoelarik, haiek gurutzean josten dute. Baina gurutze horrexen aurrean jartzen du Markosek fede-aitorpenaren gailurra: «Zinez, gizon hau Jainkoaren Semea zen» (15,39).
Pazko-aldarri bozkariotsuarekin bukatzen da Markosen testigantza: «Piztua da», bizi da (16,6). Jainkoak arrazoi eman dio Jesusi.
Gaur daukagun Markosen ebanjelioa eranskin batez amaitzen da (16,9-20). Eskuizkriburik onenek ez dakarte pasarte hori, eta Markosen jatorrizko idazkiari geroago erantsia da segur aski, Mateoren eta Lukasen kontakizunei jarraituz. Jesusen agerraldien eta ikasleei emandako misio-mandatuaren berri emanez, Elizaren historia Jesusen historiari lotzen zaio: Jesus bera ari da mendeetan zehar mundua salbatzen, bere bidalien ahoz eta eskuz (16,20).
Eskema
—Berri onaren hasiera (1,1-13).
—Jesus Mesias bezala agertu (1,14—8,26).
—Jesus, Gizonaren Semea: Mesias sufrimendu-bidean (8,27—10,52).
—Jerusalemen: Jesus Mesias ukatua (11,1—13,37).
—Jesus, Jainkoaren Semea. Nekaldia eta piztuera (14,1—16,8).
—Eranskina (16,9-20).
Currently Selected:
MARKOS SARRERA: EABD
Highlight
Share
Copy
Want to have your highlights saved across all your devices? Sign up or sign in
Elizen Arteko Biblia (EAB) Biblia en Euskara, Traducción Interconfesional) Copyright © Sociedad Bíblica de España, 2008 Utilizada con permiso